Apirilaren 10ean, hau da, egun berean, El Correo Español, El Diario Vasco eta El Pais egunkariek -gehiago ere izan litezke- aho batez argitaratu zuten “ETAko presoak” espetxeko lanak egiten hasi direla, “espetxe zigorrak murriztu aldera”. Eta esaten zuten espetxeko lanak egiten hasi direla “espetxeko legediaren” aukerak esploratzeko EPPK-ak hartu duen erabaki kolektiboaren bidetik.
Argi esan behar da: gezurra erabiltzen ari dira iritzi publikoa manipulatzeko asmoarekin. Nahastu egiten dituzte albistearen gezurrezko egitatea eta azken aldian artez edo moldez ezker abertzalea lege baliabideak erabiltzearen aukeran sakontzeko sustatzen ari den ildoa. Beste datu faltsu bat ere gehitzen zaio, albisteak azpimarratzen baitu “Kode Penalaren 2003ko erreformaren aurretik kondenatutakoek bakarrik murriztu ditzaketela zigorrak espetxean lan eginez”.
Eta diot, albistearen egitatea gezurrezkoa dela, EPPK-ak ez duelako erabaki kolektibo holakorik hartu, eta ez delako egia “20 inguru” euskal preso politikorik espetxetako ekonomato, garbitegi edo liburutegietan lanean ari direnik. Hortik hasita, begi-bistakoa da jukutria. Inongo lotsarik gabe gezurrak eta manipulazioa erabiltzen ari dira helburu sasi politikoak lortu aldera, Goebbelsen jarraitzaile ontsuen gisan.
Gezurra da, baita ere, arestian esan bezala, 2003ko erreformaren aurretik kondenatuek soilik murriztu dezaketela zigorra lanaren bidez. Egia esateko, lanaren bidez zigorra murrizteko aukera desagertu egin zen 1995eko Zigor Kode berriarekin. Gezurrak, eta ezjakinak ere bai?
Azken aldian behin eta berriro esaten diete euskal preso politikoei zen egin behar duten. Baina ez da bidezkoa nahastu nahi izatea, lege baliabideak erabiltzeko aukerak sakontzea, bide horiek beti erabili direnean, irteera pertsonalak bilatzearekin, “Nanklares bidea” hartu zutenen ildoarekin.
Alde horretatik, komenigarria da muzin egitea nahita okerrak diren interpretazioei, eta gogora ekartzeaEPPK-ak 2013ko abenduan esandakoa: “Horiek horrela, ontzat eman dezakegu gure etxeratze-prozesua -Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbestez-, lege-baliabideak erabiliz gauzatzea, guretzat inplizituki zigorraren onarpena dakarren arren. Ados gaude aurrera begira legeek eta bere aplikazioek berebiziko papera betetzen dutela, eman behar diren urratsak sendotzeko izan behar baitute.”
Gaur egunean, ez dago gehiegi fidatzerik media jakin batzuetan irakurri, entzun, ez eta ikusitakoarekin ere. Ez dira fidagarriak. Lagun zahar batek zioen bezala: “Ikusten ez duzunetik ez sinistu ezer; eta ikusten duzunetik, erdia besterik ez”.