Zerbait berria dakar herri kulturak Bilbora… BiBA!

biba

Urriaren 27an kultur espazio berri bat zabaldu dute Bilbon, ‘BIBA’ izenarekin ari dira ezagutarazten ekimen berria eta hitzez hitz diote «kulturaren aldeko ekarpena egiteko sortutako espazioa» dela eta «batez ere, euskal kulturaren eta hasiberriaren aldekoa»

KAZETARI KANAIAtik, zorionak eta aurrera!!

Hemen BERRIAn argitaratutako elkarrizketa:

http://www.berria.eus/paperekoa/1757/030/001/2016-10-26/guggenheimen_itzalekoak.htm

Biba. Poz adierazpen horixe hautatu dute Bilboko Erronda kalean bihar zabalduko den kulturgune berria izendatzeko. Hutsuneak igartzen zituzten hiriko kultur eskaintzan, eta, zain egon gabe, elkartu, eta alternatibak sortzea erabaki dute orain. Txikitik aritzea da apustua. Oihana Bartra bertsolaria da Biba egitasmoko kideetariko bat, eta berak azaldu du asmoa zein den. «Bilbon kultur espazio berri bat sortzea da helburua, eta bertan nagusiki bi kultur adierazpide bultzatzea: euskal kultura, batetik, eta hasten ari diren kultur sortzaileak, bestetik». Egitasmoan 150 pertsona baino gehiago batu dituzte, eta bihar zabalduko dute egoitza berria. 20:00etan izango da hori, Erronda kaleko bigarrenean, zehazki. Biban, alegia.
Hiriko hainbat sortzailek, Altxaporrue konpartsak, GITE elkarteak eta hainbat norbanakok bultzatu dute egitasmoa, eta haien ekarpen ekonomikoek ahalbidetu dute gune propio bat zabaldu ahal izatea. Etorkizunean zabalik utziko dute elkarteari ekarpen ekonomikoak egiteko aukera. Bartrak azaldu duenez, herrikoia izan da proiektua martxan jartzeko sistema, eta aurrerantzean ere herrikoi segitzea da asmoa. Eta hala zehaztu dute aurkezpen txostenean ere: «Planteamendu itxiak alde batera utzita eta egunez egun elkarlana oinarritzat harturik jarraitu nahi dugu Biba eraikitzen».

Taberna ere izango du egoitzak, eta goiz eta arratsaldez izango da zabalik. Bartrak dioenez, berez joan zaie ideia itxura hartzen, eta ez dute eredurik izan buruan. Martxan hastear direla, ordea, eta aldeak alde, Iruñeko Katakrak gunea aipatu du erreferentzia posibletzat Bartrak, han ere ostalaritza zerbitzua lagungarri baitzaie kultur eskaintza zabala antolatzeko. Nolabait esanda, Biban ere, taberna izango da aurpegia, eta kultur proposamena izango da helburua.

Kultur diagnosia

Bilboko kultur mapa bat egitea da Bibakoen helburu nagusietariko bat. GITE elkartearekin hasi dira elkarlanean diagnosia egiteko, eta auzoz auzo dauden espazio, behar eta hutsuneak identifikatzea da asmoa. Bartra: «Beharrezkoa da zer errealitatetatik abiatzen garen jakitea. Egoera errealaren argazkia falta da. Kultur azpiegitura handien datuak dauzkagu, baina guk euskal kulturari buruzkoak eta areto txikiei buruzkoak ere jaso nahi ditugu».

Badute diagnosi horren arrastoren bat, halere. Hilabeteak daramatzate kulturgile eta sortzaileekin hizketan, eta egitasmoaren aurkezpen txostenean bildu dituzte solasaldi horietan igarritako zenbait gabezia. Testuan azaltzen denez, esate baterako, zirkuitu ofizialetik kanpo geratzen dira kultur adierazpide asko gaur egun, eta sortzaile askok zailtasunak dituzte erakundeek kudeatutako azpiegitura handiak erabili eta diru laguntzak jasotzeko. Horrez gainera, kultur eskaintza hiri erdigunera mugatzen da maiz, Bibakoen hitzetan. Horiek dira lehen begiratuan igarri dituzten hutsuneetariko batzuk, baina azterketa zehatzagoa nahi dute orain. «Bilboko erradiografia bat, ahalik eta errealistena».

Kultur laborategi moduko bat ere jarri nahi dute martxan. Bertan sortzaileak elkarrekin harremanetan jartzea da ideia, eta sareak sortzen joatea. Lutxo Egia idazlea dabil alor hori koordinatzen, eta, Bartrak dioenez, diziplina bateko eta besteko sortzaileen elkarlana bultzatu eta sormen lan berriak laguntzea izango da helburua. «Ez dakigu zehatz zertan gauzatuko den hori guztia, baina urte bakoitzean lan bat sortzea darabilgu buruan, edo ideia horrekin gabiltza orain behintzat». Bartrak onartu duenez, zabalik dago oraindik proiektua, eta bestelako ideiak ere badarabiltzate buruan: hausnarketarako hitzorduak proposatzea, auto-prestakuntzarako guneak sortzea…

Zuzeneko emanaldiak

Ostegunetan egingo dituzte jende aurreko emanaldiak Biban, eta prest dute jadanik lehen hilabeteko programa. Irekiera ekitaldirako propio sortutako ikuskizuna eskainiko dute bihar; Hutsa taldea izango da azaroaren 3an; Mikel Martinez aktoreak irakurketa dramatikoa eskainiko du azaroaren 10ean; Josu Bergara musikaria izango da 11n; Izare poesia emanaldi musikatua egingo dute 17an; eta Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita bertsolariak arituko dira kantuan 24an. Baina, horrez gain, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak ere izango dira. Bartrak dioenez, harrituta daude jasotako eskari kopuruarekin. «Harrituta gaude: oraindik ez dugu zabaldu, eta jendea deika dabilkigu. Beharra bazegoela susmatzen genuen, eta ari gara konfirmatzen».

Espazio fisiko baten beharra ikusten zutela dio Bartrak, eta horregatik ireki dute Erronda kaleko gunea. «Kontraesana dirudi, egon badagoelako kultura sustatzen duen leku pilo bat Bilbon: Kafe Antzokia, esaterako. Baina ikusten genuen bai euskal kulturarentzat, alde batetik, eta bai hasten ari den jendearentzat, bestetik, interesgarria izan zitekeela. Jendeari lekua emateko behar genuen aretoa, eta elkargune bat eskaintzeko».

Euskal kultura lehenestea da Bibaren asmoa, baina ez du horrek esan nahi euskarazko emanaldiak bakarrik eskainiko dituztenik. Erdaraz ere egin ahalko dira saioak, baina euskarazkoei emango diete lehentasuna. Hala zehaztu dute aurkezpen txostenean ere: «Euskal Herrian eta euskaraz egindako kultur eskaintza hauspotu eta babesteko konpromisoa hartzen dugu».

biba



Categorías:BIZKAIA, EUSKAL HERRIA, MEDIOS DE COMUNICACIÓN/KOMUNIKABIDEAK

Etiquetas:, ,

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: